XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Cuentapasos: bizi ote da oraindik, Iñaki?, nahiko lan, aspaldi handi honetan ez bait diat ikusi gure herriko kaleetan zehar, urrats-gaizka, aurrera eta atzera, atzera eta aurrera.

Cuentapasos.

Iseka egiten genioan, baina hasiera batean bakarrik; gero ohitu egin gintuan: hor zetorrek Cuentapasos, eta isil-isilik ikusten genian pasatzen, azken finean haurrak bait ginen, Iñaki, eta haurrek beti susmatu ohi ditek zer eta nor den errespetagarri, jende helduak esan beharrik gabe edo, sarritan, jende helduak esanaren aurka.

Eta hemen gaudek hi eta biok, Iñaki.

Hi eta biok: kuriosoa duk gure hizkuntza, hi eta biok hiru gaituk-eta.

Hirukote bat, zeinean nia inplizitoki ematen bait da aditzera.

Kuriosoa duk, bai, gure hizkuntza.

Agian Oteizak arrazoi dik euskaldunok bizitzaren sentimendu tragikoa aspaldi gainditua dugun herria garela esatean.

Ez zekiat.

Garai batean bai beharbada, euskaldun herria ginenean, baina orain?, hik zer deritzok, Iñaki?

Hutsaren kultura al da gurea, ala hutsaren hurrengoa? Ez zekiat.

Herri mutu bat gaituk, eta mututasuna aho biko ezpata izan zitekek: jakinduriarik sakonenaren adierazgarri edota, alderantziz, sorgortasunik kamutsenaren.

Eta, badaezpadaere, nik neuk nahiago diat hitz-egin, hitzkuntza, norbaiti funtsgabeko solasa irudi dakiokeen arren; ez zaidak axolarik, eta hiri?

Hiri ere ez diat uste, Iñaki, zeren-eta, oso gaztea baldin bahaiz ere eta soldaduzka-garaiko zurrunbilo horretan murgildurik itolarrian baldin bahabil ere, konturatu bait haiz, edo konturatzen hasia, ezen irtenbidea ez datzala hire buruaren atomizazio suntsitzailean edota edozein drogaren hegaletan (alkohola, esaterako) hire buruaren berreraikuntza premiazkoa geroko geroen luzamenduen esku uztean.

Eta Talgoko bidaia horretan, oroitzen eta sentitzen ez-ezik pentsatzen ere saiatuko haiz.

Saiatzen ari gaituk, hi eta biok, duela hamalau urteko arratsalde honetan, ezein Karbono 14ren laguntzaren premiarik gabe, hik eta biok zein maila ontogenikori dagokion ondotxo dakigunekoan.